autogestioa / jabetza intelektuala / soinu-sorkuntza
“Bere lan artistikoaz gain, Ainara LeGardon existitzeagatik zorte haundia dugu, arrazoi ezberdinengatik: bere azalpenak argiak dira, bere borroka ausarta da eta bere mezua benetakoa eta sinesgarria da. Zortekoak gara. Musikaren industriaren oihanean, kontzientziaz baino gogoz, inuzente xamar gabiltzanoi bizitza errazteko ezinbestekoa da bere ekarpena.” (Mikel Serrano)
Sortzaile gisa, premiak bultzatuta espezializatu nintzen jabetza intelektualaren alorrean. Zenbat eta gehiago maitatu musika, gero eta urrunago sentitzen dut musikaren industria. Horregatik sortu nuen nere disketxea eta horregatik argitaratzen ditut 2003az geroztik nere lanak nere kabuz.
2004tik kultur autogestioari buruzko lantegiak ematen ditut eta pertsona sortzaileentzako aholkulari gisa egiten dut lan, besteak beste, jabetza intelektualari dagozkien eskubideei buruzko zalantzei erantzun, norbere lanak argitaratzeko izapide legalak azaldu, eta orokorrean nere esperientzia baliagarri gerta daiteken heinean, edozein galdera argitzeko helburuarekin. Kultur kudeaketaren alorreko profesionalentzako formakuntzan ere egiten dut lan, beraien lana ahalik eta eraginkorren garatzeko lanabesak erakutsi eta eskuragarri jarriz.
“Otro modelo es posible” izeneko nere ikerketan, musikaren alorreko eskubideen kudeaketa ereduak aztertu nituen, paradigma aldaketa baten beharra eta bideragarritasuna baloratuz. 2015ean, Premio Rodrigo Uría Meruéndano de Derecho del Arte sari entzutetsuaren epaimahaiak “Revisión del marco legislativo de la Unión Europea en materia de propiedad intelectual” artikulua aukeratu zuen. Lan hau, Civitas-Thomson Reuters Aranzadi argitaletxeak Derecho del Arte. Anuario Iberoamericano 2016 liburuan argitaratu zuen. Horrez gain, SGAE: el monopolio en decadencia (consonni, 2017) saiakera kritikoa idatzi nuen David García Aristeguirekin batera.
Euskal Herriko Musika Bulego Ekartea, Euskal Irudigileak, Arragua eta Tabakalerako 2DEO ikusentzunezko laborategia erakundeentzako aholkulari lanak egin ohi ditut eta Irungo CBA kultur zentruan «Copyzer» aholkularitza zerbitzua koordinatzen dut.
2018ko abenduaz geroztik Kulturaren Euskal kontseiluaren kide naiz. Zehazki Genero politikak eta estrategiak taldean parte hartzen dut.
Sorkuntzaren alorrean lantegiak ematen ditut, eta soinu-sorkuntzari nahiz entzumenari buruzko formakuntza jakinei buruzko proposamenak jasotzen ditut. Horren adibide dira, “Soinulabor” (Irungo Udalak antolatua, bertako Marrazki eta margo udal akademiarekin elkarlanean) bezalako programa bizigarriak, CA2M (Centro de Arte 2 de Mayo, Mostoles) zentruko abesbatza amateurrarentzako egindako lantegia, Tabakalera eta Gipuzkoa Koopera erakundeen arteko elkarlanaren ondorioz Boultek (Casablanca, Maroko) hirian entzumenari eta soinu-sorkuntzari buruz osatutako egitasmoa, etabar.
Nere alderdi artistikoa jabetza intelektualaren alorreko lanarekin batuz asko gozatzen dut. Are gehiago, bi munduek elkar elika dezaten saiatzen naiz.
Nere laguntza behar izatera, kurtso eta lantegien egutegia kontsulta dezakezu edo kontsulta pertsonaletarako, zitak edo dirusariak eska ditzazkezu workshops@ainaralegardon.com helbidera idatziz.