“Incluso desde aquí nuestra ciudad está siempre al alcance de la mano
si cierras el puño cabe en el bolsillo”
[Marta Eloy Cichocka egilearen “W mieście” (“En la ciudad/Hirian”) poemaren pasartea].
Grabagailua martxan jarri dut, eta hiriaren zatitxoak harrapatzen hasi naiz. Bildu ahala, mahukan gordetzen ditut, eta nire urratsen erritmoan nahi duten eran nahas daitezen uzten diet. Gurutzatzen dudan pertsona bakoitzaren keinuak, edertasuna, zimurrak eta esperientziak ere atzematen ditut; haien arnasa poltsikoan gorde dut. Ez dut dioten guztia ulertzen, baina imajina dezaket. Beste pertsona batzuek beste une batzuetan sentitu dituzten gauzak dira.
Euria entzuten dut; batzuetan berdin botatzen eta bustitzen du hemen zein han. Liluratua gelditu naiz plaza handien arkitektura txundigarriarekin, baita auzoko balkoi pobreekin ere; zurkaiztuta daude, eta behin distira egin zuten beirateak dituzte. Wroclaw hiriak gordetzen dituen tranpa estetikoetan jarri dut arreta:eraikinen fatxadetan margotutako leiho faltsuak, konposizioaren simetriari eutsi beste helbururik ez dutenak. Horro vacui etorri zait gogora: hutsa onartzeko ezintasuna.
Niri, berriz, nolabaiteko egonezina eragiten didate etengabe inguratzen gaituzten musika, melodia, abesti, soinu, zarata, ahots eta oihartzunen saturazioak. Hiri batean apenas existitzen diren isiltasun uneak. Hiri barneko parke handietan ere ezin gaitezke trafikoaren zurrumurruaz libratu, eta txori bat hegoak astintzen entzutea gutxiren esku dagoen gozoki poetiko bilakatzen da ia. Egunean zehar, hala Donostian nola Wroclawen, etengabea da hiri-lanen zarata; batzuetan, gauez ere entzuten da. Hiriek festa-jantziak jantzi dituzte, eta guk haien kexak jasaten ditugu kortsea edo gorbata gehiegi estutzen diegunean. Eta, bitartean, itsasoa eta ibaia etengabe ari dira mugitzen. Zer bizi da olatuak erretiratzean kostaldean gelditzen diren zulo burbuilatien azpian? Eta ahateek uretan hegoak astintzean uzten dituzten lorratzen azpian? Hor bizi al dira arnasa hartzea ahalbidetzen diguten hutsuneak, espazioa, denbora eta atsedena?
“Desira, zementu” soinu-collage bat da, eta Donostiako eta Wroclaweko kaleetan egindako grabazioz osaturik dago. Soinu horiek zuzenean manipulatzen dira, bi kasete irakurgailuren bitartez, eta zinta-oihartzun analogiko batean zehar iragazten. Nire ahotsaren soinu naturala aglomeratzaile gisa funtzionatzen duten objektuen eta materialen soinuarekin nahasten da. Hirien soinuetara moldatzen eta itsasten dira, isiltasun uneak onartuz eta artifizialki sortuz; izan ere, susmoa dut isiluneetan uzten digula hiriak gure beharrizanak zein diren pentsatzen, egia bihurtzea nahi dugun istorio horiek asmatzen eta, finean, elkarrekin hitz egiten.
Gure artean eta hiriarekin hitz egitea, hirien eta istorioen hizkuntzan: hizkuntza hori batzuetan traketsa da, baina beti abegitsua; hitz moztuz osatuta dago, eta hitz horien esanahiaren zati bat baino ezin dezakegu barneratu. Era horretan, fikzioak sortzen jarrai dezakegu eta ulertzeko gai ez garen gure bizitzako hutsuneak desiraren zementuz bete ditzakegu.
Hona hemen “Desira, zementu” proiektuan erabilitako elementu batzuk:
-2015eko martxoaren 27an Garoa Kultur Lab-en (Donostia) jasotako pago-ezpala: aizkorak egurra jotzean ateratzen zuen talken soinu-poema; ebaki horiekin Patxi Larretxea aizkolariak enbor gainean abesten zuen eta, bitartean, haren seme Hasierrek “Niebla Fronteriza” horren bertsoak errezitatzen zituen. Euskaldunok laino horretan murgilduta gaude, gure bizitza iraganeko eta etorkizuneko aditzekin jokatu nahian. http://www.ainaralegardon.com/2015/06/la-poesia-de-la-vulnerabilidad/
-Nire eskuen soinua Rilkeren “Briefe an einen jungen Dichter” (Gutunak olerkari gazte bati) liburuaren orriak banan-banan pasatzen ditudan bitartean, Garoa Kultur Laben (Donostia), 2015eko ekainaren 9an. Ines liburuzaina nire laguna dela aprobetxatu dut musikaren bolumena jaisteko eskatzeko eta, era horretan, paperaren soinua bakarrik grabatzeko eta liburu-dendan dauden beste lau bezeroek sortzen duten giro hurbila harrapatzeko.
-2015eko ekainaren 9an Ondarretako hondartzan (Donostia) hartutako harea: http://www.ainaralegardon.com/2015/06/mis-pasos-en-busca-del-liquido/
-2015eko ekainaren 12an Zurriolan (Donostia) bildutako maskorrak. Agian hondartzako altxor hauek ez dira ederrenak, baina bai soinurik onena ateratzen dutenak; arinenak eta tonurik altuena dutenak, zimur gehien dutenak eta gehien molda daitezkeenak eta gorputzean zehar putz egiteko zuloak dituztenak. Olatu bakoitzak bitxi berri bat dakar.
-Nire urratsen soinua, 2015eko ekainaren 12an, Zurriolako (Donostia) hondartzako itsasertzera nindoala; urratsen soinua olatuen zurrumurruen azpian ezkutatzen da, pixkanaka. http://www.ainaralegardon.com/2015/06/proyecto-wroclaw-donosti-9615/
–Osobowicera doan 24 lineako 2496 zenbakiko tranbiaren soinua; Wroclawen grabatu nuen, 2015eko ekainaren 21ean. Gidariaren edertasuna eta keinuak, ehiztarien istorioa eta beste bidaiari batzuena: http://www.ainaralegardon.com/2015/06/cuervos-lluvia-y-tranvias-wroclaw-210615/
–La Bretxa merkatuko (Donostia) soinua, 2015eko ekainaren 12an: nahasten diren hizkuntzak, hezur-muina mozten duen makina, haragia zatitzen duen aiztoa, kutxa erregistratzailea, lorea, jende atsegina.
–Hala Targowa merkatuko (Wroclaw) soinua, 2015eko ekainaren 20an: txoriak pentsua lapurtzen, telefonoak, fruitu gorriak, ahotsak, barreak.
–Cristina Enea parkeko (Donostia) soinua, 2015eko ekainaren 12an: txakurrak arnasestuka, euren maskoten arreta erakartzeko txistuka ari diren oinezkoen lepoetatik zintzilikaturiko giltzen kulunka, bizikletak.
–Odra ibaiaren soinua, Paula Wlodkowicaren parean (Wroclaw), 2015eko ekainaren 18an: uso bustiak hegaldatzen, zurezko zubia dar-dar egiten tranbia igarotzen denean.
-Itsasoa indartsu sartzen Kursaaleko zubi azpitik (Donostia), 2015eko ekainaren 9an.
–Odra ibaiaren bazterrean (Wroclaw) dagoen parke bateko soinua, 2015eko ekainaren 20an: haurrak zabuetan jolasean, haizea zuhaixkak mugitzen, nire urratsak hartxintxarra zapaltzean.
-Haurrak futbolean Katalunia Plazan (Donostia), 2015eko ekainaren 9an, “debekatuta baloiarekin jolastea” dioen kartel baten azpian; baloiak San Ignazio Parrokiaren hormen kontra egiten du talka eta, parrokia barruan, berriz, arrosarioa errezatzen ari dira.
–To Tu antzokiko (Wroclaw) eserleku batean aurkitutako arrosarioa, 2015eko ekainaren 30ean.
-Apurtutako kasete-grabagailua. Grabagailu hori bigarren eskuko gauzak saltzen dituen “Gauza Onak” (Donostia) dendan erosi nuen, 2015eko ekainaren 12an, harengatik eskatzen zuten prezioaren herenaren truke. Ez dabil ondo, baina aurkitzen dituen gauzen irakurketa propioa eta interesgarria egiten du.
-Beirazko ontzi bat eta kasete-grabagailu bat (erdi-hondatua hori ere). 2015eko ekainaren 28ko igandeko merkatuan erosi nituen, Wroclaweko tren geltoki zaharraren atzean.
-Hainbat forma eta tamainatako herdoildutako malgukien soinua, baita 50ko hamarkadan filmetako efektu bereziak sortzeko erabiltzen ziren tresnekin egindako pieza bat ere, Wroclaw Feature Film Studio (WFF Wroclaw) izenekoan. Gaur egun, CeTA- Centrum Technologii Audiowizualnych (Centro Tecnológico Audiovisual).izenez da ezaguna.2015eko ekainaren 26an grabatua.
-Paper finezko zirkunferentzia; lehen, mikrofonoen patroi polarrak bertan idazten ziren. Paper hori CeTA –ko(Wroclaw) efektu berezien gela zaharrean jaso nuen, 2015eko ekainaren 26an.
-Berde dagoen semaforoa, itsuentzako soinu bidezko adierazlea du, eta horrek ateratzen duen zaratak txalaparta dakar gogora. Wroclawen grabatu nuen, 2015eko ekainaren 26an.
-Uso ausartak, bele mukerrak, ahate gosetiak, ogi gogor zatiak botatzen dizkien neskato baten inguruan.Guztiak hegan.Euria.
-Trafikoa, sirenak, jendetza, lurpeko pasabideetan ahotsak nola aldatzen diren.
-Grabagailuaren mikrofonoetan libre dabilen haizea. Batzuetan, haizea kentzeko tresnarik onenak ere ezin du isilarazi.
Inspirazioa honako hauetatik hartu dut, zuzenean nahiz saiheska: Eneko Gil, Jaime de los Ríos, Antonio Onio, Braulio Bandeira, Hasier y Patxi Larretxea, Adam Zagajeswski, Marta Eloy Cichocka, Eugeniusz Get Stankiewicz, Bruno Schulz, Malgorzata Haduch, Maria Mavridou, Dariusz Jackowski, Álvaro Barriuso, Rafa Rodrigo, Simonizeneko turismo-gidari bat eta bai Donostia bai Wroclaw markatu dituzten suntsiketa eta berreraikitze prozesuen istorioak.
Eskerrik asko DSS2016, ESK Wroclaw 2016, Etxepare Euskal Institutua, CeTA- Centrum Technologii Audiowizualnych, Księgarnia Hiszpańska Wrocław, Garoa Kultur Lab eta Kris Cwikeko giza taldeei, bai eta grabazioetan ageri diren pertsonei eta arte-prozesu honetan zehar bizipenak partekatu ditudan pertsona guztiei ere.